Kaixo!!!!

martes, 5 de abril de 2011

ETEN DIGITALA ETA HEZKUNTZA

Testu honetan Julio Cabero-k eten digitala zer den eta gaur egungo gizartean ematen diren eten motak zeintzuk diren azaltzen dizkigu. Irakurri nahi izanez gero, egin klik hemen.

Zer da eten digitala?
Eten digitala betidanik egon den zerbait da; izan ere, giza talde batzuek, beraien adinagatik, generoagatik, egoera ekonomikoagatik edo ikuspegi kulturalagatik ezin izan dute zenbait teknologiatara hurbildu, ez kontsumitzaile gisa, ezta ekoizle gisa ere.
Beraz, eten digitala ondorengoa litzateke: sarea erabiltzeko aukera duten pertsona, instituzio, gizarte edota herrialdeen eta ez dutenen artean sortzen den desberdintasuna. Hau da, eten digitala teknologia berrien bitartez informaziora, ezagutzara edota hezkuntzara heltzeko dauden aukeren desberdintasunak zehaztuko du.
Eten digital hau banatze elementu bihurtzen ari da, pertsona, talde, instituzio eta herrialde batzuen bazterketa eraginez. Gai teknologikoa izan arren, ondorio sozialak dituen gai bihurtzen ari da.

Eten motak:
Autorearen hitzetan, eten digitalaren barruan mota desberdinak daude. Honela, gehienetan ekonomikoa baino kontutan hartzen ez dugun arren, politikoa, hezkuntzakoa, adinaren araberakoa, generoaren araberakoa, irakasle eta ikaslearen artekoa edota psikologikoa ere badirela defendatzen du berak.
- Ekonomikoa: desberdintasuna herrialdeko baldintza ekonomikoek markatzen dute.
- Hezkuntzaren araberakoa: IKTak erabiltzeko prestatuta ez dagoen pertsona batek sarea erabiltzearen abantailak modu txikiagoan jasoko ditu.
- Hizkuntzaren araberakoa: gaur egun interneteko hizkuntza nagusia ingelera da.
- Adinaren araberakoa: gazteak dira teknologia berriak erabiltzen dituztenak. Helduenek berriz, nahiago dituzte beste teknologia batzuk.
- Generoaren araberakoa: emakumeek pairatzen duten bazterketa sozialak eragina du teknologia berrietara heltzeko dituzten aukeretan.
- Erabiltzailearen ezaugarri fisiko eta psikikoen araberakoa: hezkuntza premia bereziak dituzten pertsonek teknologia berriak erabiltzeko aukera gutxiago dituzte.

Zein izan beharko da eskolaren papera?

Eten digitalari aurre egitea zerbait konplexua da, arrazoi oso ezberdinek eragiten dutelako berarengan. Dena den, eta kasu guztietan, kontutan hartu behar dugu giza talde guztiek, beraien egoera eta baldintzetatik haratago erabili ahal dituzten azpiegiturak eduki ezean, bazterketa hor egingo dela.
Baina gainera, teknologiak erabilgarri egoteaz gain, pertsona orok formakuntza bat, alfabetizazio digitala jaso beharko du hauei probetxu osoa ateratzeko. Alfabetizazio hau premia bereziak dituzten pertsona horiengana ere zabaldu beharko da.
Honetan, irakaslegoak duen formakuntza oso garrantzitsua izango da IKTak gelara hurbiltzeko. Izan ere, teknologia berriek eskolan lekua izateaz gain, alfabetizazio digitala lantzea beharrezkoa izango da. Haurrek hainbat gaitasun landu beharko dituzte IKTen probetxu osoa ateratzen jakiteko.
Autoreak hezkuntza eta enpresen arteko harremana estutzea proposatzen du. Izan ere, industriaren eta enpresaren mundutik esperientzia eta ekarpen interesgarriak egin daitezke hezkuntzaren mundurako erabilgarri izanik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario